partekatu
• ONDO IBILI
“Ondo ibili" programa ostiralean abiatuko da Lasarte-Orian, adinekoentzako goizeko ibilaldiekin
Nagusientzako ibilaldi osasungarrien programa irailaren 26an hasiko da Okendo Plazan eta ostiralero errepikatuko da ekainera arte.

Datorren ostiralean, irailak 26, “Ondo ibili” ibilaldi osasungarrien programaren edizio berri bat hasiko da Okendo plazan, nagusiki Lasarte-Oriako adineko pertsonei zuzendutako ekimena. Hitzordua goizeko 11:00etan izango da eta ibilaldi osasuntsu batean parte hartu nahi duen edonorentzat irekita egongo da, herrian aurrez definitutako ibilbideren bat jarraituz.
Programaren aurkezpena prentsaurrekoan egin da, eta bertan izan dira Agustín Valdivia alkatea, Goizalde Pildain Kiroletako zinegotzia, Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta jardueran inplikatuta dauden eragile sozial eta komunitarioetako zenbait ordezkari.
Alkateak azpimarratu zuenez, “Ondo ibili adibide garbia da, gizarte eragile, elkarte eta Udalaren beraren arteko elkarlanak herritarrentzat onura zuzenak nola ekartzen dituen erakusten duena. Ez dugu osasuna bakarrik sustatzen, gizarte-kohesioa eta gure adinekoen ongizatea ere sustatzen ditugu”.
Ekitaldian azpimarratu zutenez, jarduera “xumea, doakoa eta guztientzat irekia da, eta ohitura osasungarriak mantentzen, sedentarismoa prebenitzen eta harreman pertsonalak indartzen laguntzen du”.
Ekainera arte, astean behin, ibilbide irisgarriak eta askotarikoak
“Ondo ibili” ibilaldiak ostiralero egingo dira, beti 11:00etan eta Okendo Plazatik abiatuta, ekainera arte. Jardueraren helburu nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: adineko pertsonak aktibo mantentzea, ibilaldien bidez ariketa fisikoa sustatzea eta harreman sozialak bultzatzea.
Hainbat eragile sozial eta komunitarioen arteko elkarlanaren emaitza da ekimena: Biyak Bat Jubilatuen Etxea, Atsobakar Zahar Etxea, Nagusilan, Lasarte-Oriako Udala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza.
Programa honek maila ezberdinetara egokitutako hainbat ibilbide eskaintzen ditu, 2.200 metro (Atsobakarreko ibilbidea) eta 4.800 metro (Plazaolako ibilbidea) bitarteko luzerakoak. Guztiak Okendo plazatik abiatzen dira eta 500 metrotik behin seinaleak, iturriak eta ariketak egiteko makinak dituzten guneak dituzte.
Alkateak “osasuna, jarduera fisikoa eta bizitza soziala uztartzen dituen eta gure adineko pertsonek gehien baloratzen duten ekimenetako bat bezala finkatu den” proposamen honetan parte hartzera animatu zuen.
Azkenik, nabarmendu nahi izan zuen “Ondo ibiltzeak osasun fisikoa hobetzeaz gain, bakardadea prebenitzen, loturak sortzen eta gure bizilagun zaharren osasun emozionala zaintzen ere laguntzen duela”.
Dokumentuak deskargatu
Ondo ibili 2025 - eskuorria [pdf]
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala