partekatu
• SAN PEDRO JAIAK
Hasi da 2025eko San Pedroko Jaietako kartelerako herritarren bozketa fasea
28 proposamenen artean bozkatu ahal izango da apirilaren 23tik maiatzaren 7ra.

Lasarte-Oriako Udalak gaur iragarri du 2025eko San Pedro jaietako kartela aukeratzeko parte-hartze prozesuaren barruan herritarren bozketa faseari hasiera emango diola. Prentsaurrekoan, Nagore Durán Herritarren Partaidetzako zinegotziak eta Jesús Alonso Jaietako zinegotziak jakinarazi dute proposamenak aurkezteko epea amaitu dela eta etapa berria hasi dela. Fase horretan, herritarrek beren diseinu gogokoena aukeratu ahal izango dute.
"Lanak jasotzeko fasea arrakastaz amaitu ostean, orain herritar guztiak gonbidatzen ditugu bozketa garrantzitsu honetan parte hartzera. Haien iritzia ezinbestekoa da gure herriko jaiak irudikatuko dituen irudia aukeratzeko", adierazi du Duranek.
Jesús Alonso Jaietako zinegotziak zehaztu duenez, lehiaketarako 30 proposamen jaso dira guztira. "Aurkeztutako lan guztietatik 28 igaro dira bozketa fasera, 2 lehiaketatik kanpo geratu baitira, berdintasun arloan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik", azaldu du Alonsok.
Herritarrek bozkatzeko epea apirilaren 23tik maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik. Bi aste horietan, herritarrek aukera izango dute proposamen finalista guztiak aztertzeko eta San Pedro jaietarako diseinurik adierazgarrienaren aldeko botoa emateko.
Bi zinegotziek azpimarratu dutenez, herri bozketa itxi ostean, epaimahai profesional batek aukeratuko du behin betiko kartel irabazlea, herritarrek adierazitako iritzia kontuan hartuta.
"Formatu konbinatu horri esker, herritarren lehentasuna eta irizpide tekniko eta artistikoak balioets ditzakegu, eta, hala, herritarren gustukoa izango den eta gure jaien irudi ofizialak eskatzen dituen kalitate-estandarrak beteko dituen azken emaitza ziurtatuko dugu", gaineratu du Duran zinegotziak.
Kartel irabazlea maiatzaren erdialdean ezagutaraziko da eta ekainaren 26tik 30era ospatuko diren 2025eko San Pedro jaien irudi ofiziala bilakatuko da.