partekatu
• ATERPEAREKIKO HITZARMENA
Aterpeak Udazkeneko Festa ospatuko du, ekintzak, sariak eta herriko merkataritzaz gozatzeko gonbidapenarekin
Kanpainak 1.500 euro banatuko ditu erosketa-txarteletan, atxikitako saltokietan urriaren 20tik azaroaren 1era bitartean erosketak egiten dituztenen artean.

Nuria Fernandez Sozio-ekonomia zinegotziak Udazkeneko Festaren edizio berri bat aurkeztu du prentsaurrekoan, ATERPEA merkatari elkarteko ordezkariekin batera. ATERPEAk bultzatu du ekimena, Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia Sailarekin elkarlanean, eta helburu hauek ditu: tokiko merkataritza dinamizatzea, bezeroen leialtasuna saritzea eta udazkenean kaleetan giroa sortzea.
Urriaren 20tik azaroaren 1era bitartean, parte hartzen duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten pertsona guztiek 1.500 euroko erosketa-baleen zozketan parte hartu ahal izango dute, eta ondoren, kanpainari atxikitako saltokietan bertan trukatu ahal izango dira. Horrekin, tokiko kontsumoa bultzatu eta udalerriko ekonomia indartu nahi dute.
Aurkezpenean, Nuria Fernandezek hau nabarmendu zuen: “Udazkeneko Festa gure hurbileko establezimenduetan erosteak duen garrantzia gogorarazteko aukera bat da. Lasarte-Orian egiten dugun erosketa bakoitza gure merkataritza-sarea indartzeko eta gure kaleak bizirik mantentzeko modu bat da”.
Zozketaz gain, jarduera eta tailer irekiak ere izango dira egitarauan, giroa alaitzeko eta jendea herriko denda, taberna eta zerbitzuetara erakartzeko.
Proposamenen artean, hauek nabarmentzen dira:
- “Apaindu zure orri-markagailua / Decora tu marcapáginas” tailerra Lilura Liburudendan, urriaren 24an, ostirala, 17:00etatik 19:30era.
- Eguzkitako betaurrekoen kanpaina berezia, 9,90 €-an, MultiÓptica Lasarten.
- “Gure Udazkena” haurrentzako tailerra Amali Jolasdendan, larunbatean, hilak 25, 11:00etatik 13:00etara.
- Urdaiazpiko-moztailea goiz osoan Arkupe Tabernan.
- Saito Gimnasioaren eskutik dantza erakustaldia, 14:00etatik 14:30etara Arkupe Tabernan.
- Larunbat arratsaldean, kontzertua, 19:00etatik 21:00etara, Arkupe Tabernan.
- Eta, jardunaldia luzatu nahi dutenentzat, DJ-ekin tardeoa Buenetxea kafe-tabernan, 19:00etatik 22:00etara.
Programazioan txokolatada herrikoia ere izango da, “Udazkeneko Aterpea” lelopean. Okendo Plazan egingo da, larunbatean, hilak 25, 17:00etatik 19:00etara.
Ekimen honen bidez, komertzio txikien, ostalaritzaren eta tokiko zerbitzuen garrantzia nabarmendu nahi da, kontsumo arduratsua eta udazkenean ere hiri-inguruneaz gozatzea sustatuz.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala